EGUNEKO DATUAK
ostirala, 25 de azaroa de 2022
GOIZEKO GOGOETAK/LH4-5-6/Azaroak/OstegunaIV
EMAKUMEAREN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Bi aukera daude, 1. txikentzat eta 2. Nahiz eta gogorra izan, 2. Ziklorako. 

 

1.Ipuina:Bideoa https://www.youtube.com/watch?v=G2a6tFkp3p8 

 

2.ZIGORRA 

Huraxe zen eguna. Inguruko kaleak huts-hutsik zeuden, ostegunero bezala 

Emakume gaztea hara eta hona zebilen ziegaren barruan. Gutxi gosaldu zuen, eta atxilotu zutenean aldean zeraman alkandora zuria zeukan jantzita. 

Plazan, urkamendia altxatua zegoen. Apurka-apurka jendea hurreratzen hasi zen; hizketan eta barreka zetozen, festara bezala. 

Urkamendian, borrero zitalak, beltzez jantzita, besoak altxatu eta jendearen txaloak eskatu eta jasotzen zituen. Hara eta hona zebilen oholtzan. Ez zuen bere burua hiltzailetzat, zuzentzat eta justizia-egiletzat baizik. 

Plazan, atze-atzean, bazterretan, teilaturen batean, senide eta lagunak azaltzen ziren. Erraz antzematen zitzaien nortzuk ziren, plazako festa ankerretik at baitzeuden. Erregearen mezularia borreroaren ondoan zegoen, eguneko zigortu bakarrari itxaroten. 

Orga oholtzaren aurrean gelditu zen. Emakume gaztea jaitsi eta eskaileretara eraman zuten. Zuzen eta artez igo zen eskailerotatik. Bere aurpegi eder eta serioak, azal zuriak, adats luze eta gorrixkak, begi handien begirada lasaiak, unetxo batez, hil egin behar zuela ahaztarazi zieten mezulariari eta borreroari… “Poztu egin behar dira herritarrak”, esan zion ahapetik hark honi. Emakumearengana hurbildu zen eta sama luze eta finean zeraman zapi gorria erantzi zion. 

Emakumea bera jarri zen gillotinan… eta burua altxatu eta irribarre egin zuen, dena ondo eta ordenan, bakean, egon balitz bezala. 

Borreroa bere eginkizuna betetzera hurbildu zen. Pozik zegoen eta begiraleen deiadarra eskatu zuen. Gillotinaren ondoan, eskuineko eskua altxatu eta gillotinaren ahoari eusten zion soka hartu zuen; soka askatu baino lehen, ezkerreko eskua belarrian jarri zuen, jendetzaren oihuak hobeto entzuteko bezala… 

Justu une horretan, borreroak burua bihurtu zuen eta emakume gazteari begiratu zion. Biak elkarri begira geratu ziren, baten begiak bestearen begietan jarrita, eta segundo luze horietan elkarren bizitzen berri izan zuten, emakumearen errugabetasunaz eta xalotasunaz eta borreroaren ezereztasunaz jakin zuten. Gizonak inoiz baino hiltzaileago sentitu zuen bere burua… 

- Eta, zer gertatu zen, aitatxo? 

- Ez dakit, semetxoa. 

- Baina… hil zuen? 

- Ez dakit… Pentsatu nahi dut une horretan gezi batek borreroa eta mezularia geldiarazi zituela eta herritar zintzo eta zuzen batzuek emakumea erreskatatu zutela… 

Semea, aitak ipuinari emandako amaieragatik pozik, ohean etzan zen. Aita logelatik atera zen…. 

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

GOGOETARAKO 

Urtero, azaroaren 25a Emakumearen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Mundu osoan emakumeen aurka gauzatzen den indarkeria salatzeko eta herrialde guztietan berau desagerrarazteko politikak eskatzeko eguna da. 

Zer irizten diozue kontatu dizuegun ipuinaren amaierari? 

Zer egin dezakegu guk emakumearen aurkako indarkeria desagerrarazten laguntzeko? 

Neskok, nola tratatzen duzue batak bestea? Eta mutilok, nola tratatzen dituzue neskak? 

 

Bideoa: “Berdintasuna harremanetan”(Arartekoa): https://www.youtube.com/watch?v=OSI_OeshkIg&t=55s 

 

Abestia: https://www.youtube.com/watch?v=Kur02z46i9Y 

 

OTOITZA

LA SALLEKO JOAN BAUTISTA … OTOITZ GURE ALDE! BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN!!! BETI!!! 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!