EGUNEKO DATUAK
Tuesday, 21 de March de 2023
ADISKIDETASUNA... ZUBIAK ERAIKITZEN
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Gure adiskiderik onena oso pertsona berezia eta kutuna da guretzat. Denerako dugu lagun eta denbora asko ematen dugu elkarrekin. Gure sekretuak kontatzen dizkiogu elkarri, elkarrekin gara jolasten, … elkar maite dugu.

Adiskideek, landareek bezala, zaintzea behar dute, baina beti ez ditugu behar bezala zaintzen. Batzuetan ez dugu lagunekin detailerik izaten, lagunak garelako eta lagun artean horrelakorik behar ez dela uste dugulako.

- Adiskide asko dituzu?

- Zaintzen dituzu?

- Saiatzen zara adiskide berriak egiten?

 

Historia txiki bat gogoeta egin dezagun…
Anaia bi elkartasunean eta harmonian bizi izan ziren urte askoan. Bakoitzak bere baserri-etxea zuen, baina bata bestearen auzoko ziren. Egun batean, gatazka serioa izan zuten, inoiz izandako arazorik larriena. Hainbeste urtean auzoko izan, tresneria konpartitu eta uztak eta ondasunak trukatu edo elkarri eman ondoren,… haserretu egin ziren.

Gaizki-ulertu txiki batez hasi zen dena… eta handituz joan zen. Azkenean, hitz garratzak esan zizkioten elkarri… eta batak bestearekin hitz egiteari utzi zioten.

Goiz batean norbaitek anaia nagusiaren etxeko atea jo zuen. Atea irekitakoan gizon bat ikusi zuen. Hark:

-      Egun batzuetako lanaren bila nabil. Arotza naiz. Beharbada, zuk, zure baserri-etxe honetan, zenbait konponketa-lantxo izango dituzu. Neuk egingo nizkizuke.

-      Bai -esan zion anaia nagusiak-. Lan bat dut zuretzat. Hara, errekaren beste aldean nire auzokoa bizi da; egia esan, nire anaia gaztea da. Joan den astean belardi eder bat genuen etxe bien artean, nolabait batzen gintuena, baina berak errekaren ibilgua desbideratu du, belardia erdibitzeko eta gu eta gure etxeak errekaren alde banatan uzteko. Ni haserretzeko egin du hori, baina orain handiagoa egingo diot nik –esan zuen amorruz.

 Ikusten duzu aletegi ondoan dagoen egur-pila? –galdetu zion arotzari-. Egurrez baliatuz, metro biko altuerako hesia egitea nahi dut; ez dut anaia berriz ikusi nahi.

 Arotzak:

 -      Uste dut ulertzen dudala egoera.

 Anaia nagusiak behar zuen material guztia biltzen lagundu zion arotzari. Gero, arratsaldean, herrira joan zen janaria erostera.

 Iluntzean, etxera itzuli zenerako, arotzak bukatua zuen bere lana.

Baserritarra harrituta geratu zen. Ez zegoen hesirik. Haren ordez, arotzak zubi eder bat egin zuen, errekaren gainetik baserri-etxe biak lotzen zituen zubia.

 Une hartan, auzokoa, anaia gaztea, ikusi zuen hurbiltzen. Ondora etorri zitzaionean, estu besarkatu zuen hark  anaia nagusia.

-      Zu zara izatekoa, gizon bihotz-zabala. Esan eta egin dizudan guztiaren ondoren,… eta hala ere, zubi eder hau egin duzu, biok elkartzeko.

 Eta anaia biek bakeak egiten zituzten eta berriz adiskidetzen ziren artean, arotzak bere erremintak biltzen zituen; handik joateko prest zegoen.

 -      Ez…, itxaron. Geratu gurekin beste zenbait egunez. Zenbait gauza edo proiektu ditut zuretzat – esan zion anaia nagusiak.

-      Nahiko nuke –erantzun zuen arotzak-, baina zubi asko eraiki behar ditut oraindik.

 Badakizue: egin ditzagun zubiak, ez hesiak. Egizu zure esku dagoen guztia ipuineko arotza bezalakoa izateko eta beti giro atsegina eragiteko.

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

Ikus-entzunezko baliabidea

https://www.youtube.com/watch?v=y-XvXyrp4uU

Juanes - Odio Por Amor

OTOITZA

Jainko Jauna, irakats iezadazu zu non eta nola bilatu, zu non eta nola aurkitu.
Zu zara nire Jainkoa, zu zara nire Jauna, eta nik inoiz ez zaitut ikusi.
Zuk modelatu eta birmodelatu nauzu, eta dauzkadan gauza on guztiak zeuk eman dizkidazu,
eta oraindik ez zaitut ezagutzen…
Irakats iezadazu zu nola bilatu… zuk irakatsi ezik nik ez baitakit zu bilatzen;
zu nigana ez bazatoz, ez dakit zu aurkitzen.
Bila zaitzadala nire nahian, nahi zaitzadala nire bilatzean.
Bila zaitzadala zu maitatuz eta maita zaitzadala aurkitzen zaitudanean.
Amen.

Ikusentzunezko baliabidea: Otoitza irakurtzen den bitartean jartzeko musika:

(Musika jarri eta poliki poliki goian aurki dezakezun otoitza irakurtzen joango gara)

Yiruma -  River flows in you

https://www.youtube.com/watch?v=wZLc6-3p0EI

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!