EGUNEKO DATUAK
Wednesday, 22 de November de 2023
GOIZEKO GOGOETAK/HH5+LH1-2/Azaroak/AstearteaIV

Bazen behin batean oso printze berezia. Printzesak salbatzen, guduetan parte hartzen eta dragoiak menperatzen ibili beharrak oso aspertuta zeukan. Bestalde, ez zuen ezpatarik, ezkuturik eta arropa astunik eraman nahi. Beti jokabidea zaindu beharrak (saltorik ez, oihurik ez, korrokadarik ez, uzkerrik ez…) gogaituta zeukan.

Eta bazen printzesa izan nahi ez zuen printzesa. Ez zuen nahi jantzi barregarririk, ez brodatzen ibili beharrik, ez printzipe dotore batek esnatzerik, ez maitagarriak gauzak nahasten ibiltzerik, ez zerbitzariei ezer agintzerik,…

Felipek eta Aurorak plan bana zuten. Eta biak, beren gazteluetatik alde eginda, abenturak bizitzera joan ziren. 

Felipek Merlin magoaren liburutegian bizi nahi zuen, lasai-lasai, nahi zuena irakurtzeko. Aurorak Merlin magoagandik sorginkeriak ikasi nahi zituen, bere burua babesteko. Eta, hala, biek elkar ezagutu zuten eta Merlini beren arazoen berri eman zioten.

Marlinek ondo begiratu eta esan zien:

-        Hara, Aurora izango da Felipe eta Felipe izango da Aurora!

Esan eta egin. Sorginkeria baten bidez, gorputza aldatu zien. Felipe txilioka hasi zen bere burua ispiluan ikusi zuenean. Aurorak, pozarren, ezpata eskuan hartu zuen eta saltoka hasi zen. 

Eta biak beren bidetik joan ziren.

Feliperi asko gustatu zitzaion Auroraren gazteluko liburutegia. Ehunka liburu zeuden. Aurora biziki poztu zen bere lehenengo dragoia menperatu zuenean.

Felipe irakurtzen hasi zen. Aurora, dragoien eta ogroen aurka borrokatzen. Dena zegoen ondo, ezta? Horixe nahi zuten, ezta?

Kontua da, egun batean, Felipek iruten ikasi nahi izan … eta ardatzaz atzamarra sastatu zuela. Lo geratu zen, jakina, Aurora Loti ederra ipuinean bezala. Gazteluko guztiak ere lo geratu ziren.

Aurorak laster izan zuen horren berri. Hortaz, Felipe salbatzea erabaki zuen.

Ezkutua eta ezpata hartuta, Malefikaren gaztelura joan zen. Malefika, nola ez, ispiluaren aurrean aurkitu zuen.

-        Eder egiten zaitu soineko horrek –esan zion Aurorak.

Malefikaren aldartea sano samurtu zen hori entzutean eta, egindakoaz damututa, edabe zikin bat eman zion printzesari, baina ez printzeak edateko… honen sudur azpian jartzeko baizik!

Joan zen printzesa bere zaldi gainean bere gaztelura. Eta bere logelan, bere ohean, Felipe aurkitu zuen. Zurrungaka lo zegoen.

-        Grrrrrr!!!

-        Hara, dragoi amorratua ematen du!

Baina atsegin zuen Aurorak Felipe, gero eta atseginago. Hurbildu zion edabea sudurrera eta berehala esnatu zen printzea salto batez.

-        Arrano beltza! Zer da kirats hori?

Baina ulertu zuen Aurorak salbatu zuela betiko lotik. Eta atsegin zuen Felipek Aurora, gero eta atseginago. Elkarri begira geratu ziren, ezer esan gabe. Gero, eskutik helduta, Merlinen etxera joan ziren.

Merlinek:

-        Banekien itzuliko zinetela! Ez kezkatu! Berehala konponduko dut nahaste hau!

Makilatxo magikoa altxatu eta esan zuen:

-        Patatin, patatan, nor bere gorputzean!!

Eta Aurora berriz Aurora izan zen. Eta Felipe, berriz Felipe. Eta biek elkarrekin zoriontsu izan ziren beti. 

 

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

GOGOETARAKO

+ Bai neskak bai mutilak nahi dutena izan daitezke. Sexu biak dira ausartak eta kementsuak. Ez dago nesken lanik eta mutilen lanik.

+ Gauzak, askotan, ez dira diruditen bezalakoak. Malefikak argi uzten digu gaizto guztiak ez direla hain gaiztoak… Itxurak ez dira beti egia.

+ Zu zeu izan; ez saiatu bestelakoa izaten. Ipuinak diosku garen modukoak izan behar dugula, inor imitatzen ibili gabe, inoren itxurak egiten ibili gabe. Egiaz, hobe dugu gu geu izan, mozorrotzen eta itxurakerietan ibili baino, horrek, azkenean, dena nahasten baitu.

OTOITZA

Abestia:

Zarena zarelako-ZUGAN:

https://www.youtube.com/watch?v=-G8PC_T9qAM

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!