EGUNEKO DATUAK
Thursday, 23 de November de 2023
GOIZEKO GOGOETAK/HH5+LH1-2/Azaroak/AsteazkenaIV

Oso aspaldi, Ipar Amerikako belardi handietan siux indiarrak bizi ziren. Behin batean tribu horretako neska bat eta mutil bat erabat maitemindu ziren. Mutila gerlari kementsua zen, Zezen Ausart izenekoa. Neska, azkarra eta trebea zen, Laino Urdin izenekoa. Bien arteko maitasuna oso handia eta sakona zen… baina beldur ziren egunen batean elkar maitatzeari utziko ote zioten. Elkarrekin oso zoriontsu ziren… eta beti hala jarraitzeko zer egin jakin nahi zuten. Horregatik, goiz batean, buruzagiari aholkua eskatzera joan ziren. Zezen Ausartek esan zion:

-        Buruzagi handia, zure laguntza behar dugu. Laino Urdinek eta biok elkar maite dugu, oso maite, eta edozer egingo genuke bion arteko maitasun hau inoiz bukatu ez dadin, beti-betiko izan dadin. Eskatu jainkoei, mesedez, beti elkar maitatuz bizi gaitezen.

Buruzagi jakintsuak atseginez begiratu zion bikoteari. Gero esan zien biei:

-        Hara, ez diet jainkoei ezer eskatuko, zuok zerbait egin dezakezuelako.

Laino Urdinek, bere bikote-lagunari irribarre egin ondoren, esan zuen:

-        Esan zer, mesedez! Pozik egingo dugu zuk esaten diguzuna!

Agureak argi azaldu zien zer egin behar zuten:

-        Zuk, Laino Urdin, belatzik ederrena eta sendoena ekarri beharko didazu mendi garaitik. Hiru egun barru hementxe egon beharko duzu.

Neskak baietz esan zion.

-        Zuk, Zezen Ausart, arranorik ederrena eta ausartena ekarri beharko didazu mendi malkartsutik. Hiru egun barru hementxe egon beharko duzu.

Mutilak baietz esan zion.

Neska-mutilak, elkar besarkatu ondoren, bide banatatik abiatu ziren. Edozer egingo zuketen beren maitasuna gordetzearren.

Hiru egun barru biak elkartu ziren herrixkaren sarreran. Neskak belatzik sendoena zeraman besoan; mutilak, arranorik ausartena.

Buruzagiaren aurrean azaldu zirenean, urduri zeuden. Zezen Ausartek hitz egin zuen lehenengo:

-        Hementxe gaude. Zer egin behar dugu hegaztiokin? Jan? Askatu? Inori oparitu?

-        Ez, ez. Halakorik ez. Hauxe egin behar duzue: hegazti biak, hanka batetik bata besteari lotu eta zer gertatzen den begiratu.

Bikoteak ez zuen ezer ulertu, baina biek buruzagiak eskatutakoa egin zuten… Eta zer ikusi zuten? Hegaztiak hegaz egiten saiatzen zirela, baina ezin zutela. Hegoak astindu arren, ezin ziren lurretik altxatu. Azkenean, hegazti biak, estu eta artega, berotuta, mokoka hasi ziren.

Agureak neska-mutil gazteen aurpegi ikaratuak ikusi zituen eta esan zien:

-        Ikusten duzuenez, ezin da hegaz egin bata besteari lotuta gaudenean. Maitasunean horixe berori gertatzen da. Hortaz, zuon arteko maitasuna betiko izatea nahi baduzue, egizue hegaz elkarrekin, biok batera; izan zaitezte beti elkarren lagun, baina lotuta edo kateatuta sentitu gabe. Pertsona autonomo izan behar duzue, libre sentitzeko eta zuon onena emateko. Horixe da nire aholkua: bizi elkarrekin, izan elkarren lagun bizitzan, baina ez izan elkarren gatibu. Halaxe lortuko duzue betiko maitasuna.

Besterik esan gabe, buruzagiak hegaztien arteko soka ebaki zuen eta belatza eta arranoa libre utzi zituen.

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

GOGOETARAKO

Besteak baino hobetzat duzu zeure burua?

Errespetatzen dituzu zutaz bestelakoak?

OTOITZA

 

Baliabide digitala:

 

Daniela Go: Love Yourself:

https://youtu.be/gDT7x-azPUk

 

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!