EGUNEKO DATUAK
Sunday, 10 de December de 2023
GOIZEKO GOGOETAK/DBH4,BATX 1-2/abendua/I/ostirala-igandea
ABENDUA

ABENDUA

“Abendu” eta “Adviento” jatorri bereko hitzak dira. Latinezko “adventus” hitzetik datoz. ETORRERA esan nahi dute. Gaztelerazkoa Elizaren urteko lehen epea adierazten du, Gabonen aurreko lau asteak. Euskarazkoak ere bai, baina urteko azken hilabeteari ere izen ematen dio.

Baina zer dator edo nor dator? Hor dago gakoa.

Itxaropen aldia da modu batean edo bestean. Hau dio wikipediak: “nahi edo desiratzen dena beteko delako sinesmenean oinarritzen den emozioa da. Pertsonaren bizitzan oinarrizko emozioetako bat da,etsipen eta depresioari aurre egiten diona. Ohartu behar da, nahiaz haraindi, itxaropenak nahi eta bilatzen dena azkenean eskuratuko dela sinesmen sendoa dela eta hórrela motibazioa indartu egiten duela”.

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO
  • Zertan jartzen dugu itxaropena?
  • Nondik dator behar dugun argia?
OTOITZA

Esperantzaren mendi goietan, ezinaren bide galduetan,

oihu bat entzun da ozen eta sarkor:«Badator...».

Gure bihotzen samin beltzetan, gure barru aztoratuetan,

oihu batek jo du ozen eta sarkor:«Badator...».

Gure harreman agortuetan, ulertuezin izoztuetan,

oihua berriro ozen eta sarkor:«Badator...».

Gure gizarte zauritu honetan, zokoratuen  negar-penetan, garrasi hautsia, ozen eta sarkor:

«Badator...».

Ate itxien lurraldeetan, hesi jasoen alanbradetan,

non pobreak bihurtu ditugun zabor:«Badator...».

Gure Elizaren horma zaharretan, garai joanen goroldiotan,

oihu ahul bat intziriz minberakor:«Badator...».

Eta Jauna ur bizitan dator, ur oparo eta handitan bizidun eta emankor,

bizi gaitezen, atope bizi,«badator...».

Maitasunaren ur txikietan, Eguberriko isiletan, Amaren beso ahuletan... munduaren gauean sarkor:

«Badator...».

 Nor dator sarkor? Zertara dator emankor? Non dator, baletor?

 

(OTOITZLEKU, Arantzazu: https://pastoraltzalsd.files.wordpress.com/2018/02/otoizleku-4-eusk.pdf )

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!