EGUNEKO DATUAK
Wednesday, 22 de May de 2024
GG/HH+LH+DBH/MaiatzakIII/asteazkena

MUNDUKO LORERIK HANDIENA

Umeentzako istorioak hitz soilez idatzi behar dira, umeek, txikiak direnez gero, hitz gutxi dakizkitelako eta hitzok ez dituztelako konplikatuak nahi. Jakin nahiko nuke istorio horiek idazten, baina inoiz ez naiz ikasteko gauza izan, eta horrek pena galanta ematen dit.

Hitzak aukeratzen jakiteaz gain, modu argian eta ongi azalduan kontatzeko trebetasuna eta oso pazientzia handia izatea beharrezkoa delako. Nik pazientzia, behintzat, falta dut, hortaz, barkamena eskatzen dut.

Nik trebetasun horiek banitu, egun batean asmatu nuen istorio polit-polita xehetasun guztiez kontatuko ahal izango nuke, irakurriko duzuen moduan, hitz bitan esaten den laburpena baino ez baita… Barkatu beharko zait nire istorioa maitagarrien eta printzesa sorginduen ipuinen garaitik idatzi diren guztietatik politena dela pentsatu izana.

Hainbeste denbora joan da ordutik!

Idatzi nahi nuen baina idatzi ez nuen ipuinean,  herrixka bat dago (Orain hitz zail batzuk agertzen hasiko dira, baina ez dakizkienak begira dezala hiztegian edo galde diezaiola irakasleari).

Ez daitezela arduratu hirietatik kanpoko istorioak, ezta umeenak ere, kontzebitzen ez dituztenak: nire mutiko heroiari gurasoak, beharbada arreba bat, agian aitona edo amona eta albisterik ez dugun senitartea bizi diren leku lasaitik kanpora gertatuko zaizkio abenturak.

Lehenengo orrialdea hasi bezain laster, umea ateratzen da ortuaren atzealdetik eta, zuhaitzik zuhaitz, kardantxiloa bezala, ibairaino jaisten da eta gero honen bideari jarraitzen dio, ume-denbora altuak, zabalak eta sakonak denoi bide eman digun jokoan entreteniturik….

Bat-batean bakarrik kurritzen ausartzen zen soroaren mugara iritsi zen arte. Handik aurrera Marte planeta hasten zen; umea ez da efektu literarioaren arduradun, baina idazlearen askatasunak egoki irizten dio horri esaldia borobiltzeko.

Handik aurrera, gure mutikoarentzat, galdera bat bakarrik dago literaturarik gabe: Joango naiz ala ez naiz joango? Eta joan zen.

Ibaia asko desbideratzen zen, besteratzen, eta ibaiaz gogaitu samar zegoen, jaio zenetik beti ikusia zuelako. Orduan, landa-soroetan zehar laburtzea erabaki zuen, olibadi zabalen artetik, batzuetan txilintxa zurien artean joanez, eta besteetan lizar altuen basoetan sartuz. Basoetan soilgune lasaiak zeuden, pertsonen edo animalien arrastorik gabe, eta inguruan burrunba egiten zuen isiltasuna, eta bero begetala, zain zuriaren eta berdearen moduko zurtoin fresko sakratuaren usaina.

O, zer zoriontsu zihoan mutikoa! Oinez ibili eta ibili zen, zuhaitzak eskasten hasi eta lurra otalurra izan arte; uztondo baxu eta sikuen lurra zen, eta erdian, muino babesgabe borobila, ahuspez jarritako ontzia bezalakoa.

Mutikoa muino-hegala igotzen ahalegindu zen, eta tontorrera iritsi zenean, Zer ikusi zuen? Ez zortea, ez heriotza, ez patuaren harlauzak… Lore bat baino ez zen. Baina hain zegoen goibel, hain zimel, ezen mutikoa hurbildu baitzitzaion eta, ipuin-mutikoa denez, lorea salbatu behar zuela pentsatu baitzuen.

Baina, zer egiten dugu urarekin? Han goian, tantarik ez. Behean, ibaian bakarrik, eta hain zegoen urrun!

Ez dio ardurarik.

Jaitsi zen mutikoa mendixkatik, zeharkatu zuen mundu guztia, iritsi zen Nilo ibai handira eta esku-tartean sartzen zitzaion ur guztia hartu zuen. Berriz mundua zeharkatu zuen, aldats gora narras igo zen; hiru tanta iritsi ziren eta lore egartsuak edan zituen. Hogei aldiz hemendik hara, ehun mila bidaia ilargira, odola oinetan, baina lore tentetuak ematen zion ja perfumea aireari eta, haritza balitz bezala, geriza lurrari.

Mutikoa loak hartu zuen lore azpian. Orduak joan ziren, eta gurasoak, halako kasuetan ohi denez, oso kezkatuta sentitzen hasi ziren. Familia osoa eta auzokoak atera ziren mutiko galduaren bila. Eta ez zuten aurkitu.

Dena korritu zuten, negarrez, eta ia iluntzea zen begiak altxatu zituztenean eta urrutian lore itzel bat, han zegoela inork gogoratzen ez zuena, ikusi zutenean.

Denak joan ziren arineketan, muinoa igo eta aurkitu zuten mutikoa lotan.

Gainean, arrastiko freskuratik umea babestuz, petalo usaintsu handi bat, ostadarraren kolore guztiez,  zabaltzen zen.

Mutikoa etxera eraman zuten, errespetu osoz inguraturik, mirariak egina balitz bezala.

Gero, kaleetatik igarotzen zenean, pertsonek esaten zuten etxetik irten zela bere tamaina eta tamaina guztiak baino handiagoa zen  gauza egiteko. Eta hauxe da istorioaren ikasbidea.  

Hauxe da nik kontatu nahi nuen ipuina. Pena handia ematen dit umeentzako istorioak kontatzen ez jakiteak. Baina gutxienez badakizue istorioa nolakoa izango litzatekeen, eta beste modu batera azal dezakezue, nik baino hitz soilagoez, eta beharbada geroago umeentzako istorioak idazten jakingo duzue.

Nork esaten dit egun batean ez dudala istorio hau berriz irakurriko, irakurtzen didazun horrek idatzia, baina askoz politagoa?

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

BALIABIDE DIGITALA: Hair Love | Oscar®-Winning Short Film (Full) | Sony Pictures Animation:

https://youtu.be/kNw8V_Fkw28

 

OTOITZA

Bibliatik [Mk 3, 31-35]
«Jesusen ama eta anai-arrebak iritsi ziren. Kanpoan gelditurik, deiarazi egin zuten. Jende asko zegoen haren inguruan eserita, eta esan zioten: “Adizu, ama eta anai-arrebak kanpoan dituzu zeure bila”. Hark erantzun: “Nor dira nire ama eta anai-arrebak?”. Eta, inguruan eserita zituenei begiratuz, esan zuen: “Hauek ditut nik ama eta anai-arreba. Jainkoaren nahia egiten duena, horixe dut nik anaia, arreba eta ama».

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!